Amazonek 250 milioi dolarren truke erosi zituen telebistako eskubideak 2017ko azaroan, eta, horrekin, gutxienez mila milioi dolarreko balioa duten bortz denboraldi ekoizteko konpromisoa hartu zuen. Horrek inoiz egin den telesailik garestiena bihurtuko zuen. Horren erakusgarri, lehen denboraldiko atal bakoitzeko 52,5 milioi euro gastatu zituzten[2].
Telesaila Amazon Studiosek ekoitzia da, Tolkien Estate and Trust, HarperCollins eta New Line Cinema enpresekin lankidetzan. Payne eta McKay gidoilari nagusiak 2018ko uztailean kontratatu zituzten, eta gainerako talde sortzailea, urtebete geroago. Aktoreak aukeratzeko casting-a mundu osoan egin zuten. Lehenbiziko denboraldiaren filmazioa 2020ko otsailean hasi zen.
Telesailaren 1. denboraldia mundu osoan estreinatu zuten, 30 hizkuntza baino gehiagoko audioekin; haien artean ziren katalana eta galiziera, adibidez. Estreinatu aurretik zabaldu zuten euskarazko audioa ere izanen zuela. Eta gauza jakina zen Bilboko Mixer Servicios Audiovisuales enpresaren estudioetan egina zutela euskarazko bikoizketa. Baina telesaila estreinatu zuten eta euskarazkoaren arrastorik ez zen inon. Euskarazko azpidatziak, bai; baina audiorik ez[1]. Ez Prime Videok ez Mixer-ek ez zuten publikoki batere azalpenik eman. Eta, halako batean, inork iragarri gabe, 2022ko abenduaren 28an agertu zen plataforman euskarazko audio hori[3]. Aitzitik, 2. denboraldiari dagokionez, euskarazko audioa lehen egunetik egon zen eskuragai.
Telesaileko izakiak
Elfoak: itxuraz gizakien berdintsuak dira baina belarri punta zorrotzagoak dituzte, eta ehunka urtetan bizi dira. Hasieran Valinorren bizi dira, baina suntsitzen denean Lindon-era eta Eregion-era joaten dira. Harreman estua dute Naturarekin eta haren indarrekin.
Gizakiak: Hegoaldeko lurretan eta Numenor uhartean bizi dira.
Orkoak: izaki itsusi eta gaiztoak, gaizkiaren morroiak. Eguzkiaren izpiek larruazala erretzen diete. Adar izenekoa dute buru eta Erdialdeko Lurraldeko gizakien lurrak konkistatzen saiatzen dira.
Ipotxak: izaki nanoak, Khazad-dûm lur azpiko hirian bizi direnak, metalak erauzten. Durin III.a dute errege. Tolkienen jatorrizko legendarium-ean ipotxek, arrek zein emeek, bizar sarriak dituzte; hala ere, telesailean agertzen den ipotx emakume bakarra bizarrik gabe azaltzen da.
Istari: aztiak. Singularrean, "istar". Arrotza istar bat da.
Iletsuak: izaki txiki eta zintzoak, hobbiten aurrekoak, eta Rhovanion-en bizi direnak. Nomadak dira eta ileetan basoko hosto, makil zein fruituekin eginiko apaingarri ikusgarriak daramatzate. Komunitate trinkoa osatzen dute eta garrantzi handia ematen diote gauzak elkarrekin egiteari. Haien lelo nagusia da "Inor ez da bidetik ateratzen, eta inor ez doa bakarrik".
Telesaileko tokiak
Valinor: valartarren hasierako lurra. Erdialdeko Lurraldearen mendebaldera dago, Itsaso Handiaren bertze aldean. Han bizi ziren elfoak Morgoth-en aurkako gurutzada baino lehen. Baina utzi behar izan zuten. Eta Valinor suntsitu zelarik, paradisu moduko bat bilakatu zen, erresuma bedeinkatu, hilezkor izanen diren elfo aukeratuen egoitza hilezin.
Lindon: elfo handien hiriburua. Valinorretik alde egin eta gero elfoek sorturiko erreinua da, Erdialdeko Lurraldearen ipar-ekialdeko kostaldean dagoena, eta Gil-galadek gobernatzen duena. Lindon-en daude Portu Grisak, Valinorrera itzuliko diren elfoek itsasontziak hartzen dituzten tokia.
Forodwaith: iparraldereneko goi lurrak. Hiru mendikatek Erdialdeko Lurraldearen gainontzeko zatitik bereizita dagoen eremu zabal-zabal bat da, betiereko izotzen erregioa, eta Galadriel elfoa bilatzen ari den gaizkiaren ezkutaleku aparta da, eguzkia argi egiten ausartzen ez den tokia baita.
Rhovanion: anduinen ekialdeko lur basatiak. Mendi Lainotsuen ekialdera dagoen eskualdea da, iletsuen bizilekua. Rhovanionen barnean, iletsuak alde batetik bertzera ibiltzen dira etengabe, nomadak baitira. Nori: "Negua baso zaharrean ematen dugu. Eta udan iparraldera jotzen dugu, barraskiloak batzera. Eta haritzek lehen hostoak galtzean zuhaiztira bidean jartzen gara. Leku zoragarria da, fruta eta barazkiz betea: sagarrak, okaranak, aprikotak, azenarioak... Zoragarria! Arazo bakarra da bidea arriskuz beteta dagoela: gizakiak, otsoak, lainoa, euria, muinoetako trolak, leizeetakoak... Hil ahal zaituen guztia". Hauexek dira Rhovaniongo toki batzuk: Rhovaniongo mendiak - Sastraka errekastoa, Labarazpi - Lupetza grisak, Amuarrainaren bihurgunea, Karduharan - Txirikordak.
Hegoaldeko lurrak: gizakiak bizi diren tokia, elfoek irmoki zelatatua, ez baitiete haiei oraindik barkatu ehunka urte lehenago beraiekin batera borrokatu ez izana. Inguruetako orkoek lur horiek konkistatu nahi dituzte, eta gizakiak akabatu edo esklabo bihurtu.
Eregion: elfo errementarien erresuma. Mendi Lainotsuen ondoan dagoen elfoen bigarren probintzia garrantzitsuena da. Celebrimbor arotza bizi da bertan, ahaztezin bilakatuko duen maisulan bat egiteko grinez dagoena.
Khazad-dûm: Moria izenez ere ezaguna, Eregion-en ekialdean dagoen ipotxen lur azpiko hiri bat da. Bertan hainbat meategi dute, baita mithril izeneko metalarenak ere.
Numenor: Valinor eta Erdialdeko Lurraldearen arteko itsasoan dagoen uharte bat da. Ohi baino gehixeago bizi diren eta indartsuxeago diren gizakiak bizi dira bertan. Elfoek eman zieten uhartea gizaki hauei, baina aurrerago mesfidantza sortu zen bi arrazen artean.
Telesaileko pertsonaia nagusiak
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Azalpenaren ondotik adierazten da nor diren pertsonaia bakoitzaren telesaileko aktorea eta euskal bikoizlea.
Arondir: Soldadu elfoa. Ia mende bat eman du Tirhadad-eko gizakiak zaintzen eta zelatatzen. Browyn gizakiarekin maitemindurik dago, eta berarekin hasiko da orkoak Hegoaldeko lurretan egiten ari diren triskantzak ikertzen. Telesailerako propio asmaturiko pertsonaia da. Ismael Cruz Cordova / Julen Agirrezabala
Arrotza: Meteorito batean zerutik iletsuen lurraldera erori den izakia. Berak ere ez du gogoratzen zein den bere izena, ezta nondik heldu den ere. Botere magikoak ditu, sobera ongi kontrolatzen ez dituenak. Daniel Weyman / Haritz Joseba Elizegi Jimenez
Browyn: Gizakia, Tirharad-eko sendatzailea. Theoren ama da. Arondir elfoarekin maitemindurik dago. Nazanim Boniadi / Ane Murua
Celebrimbor: Eregion-eko jauntxo elfoa, errementari ameslaria. Artelan handi bat egin nahi du, Erdialdeko Lurraldea edertuko duena. Elrond-ek ipotxen hiritik ekarriko dion mithril zatitxoarekin saiatuko da lan hori egiten. Charles Edwards / Josu Mitxelena Lakarra
Durin printzea: Durin III.a ipotx erregearen semea, eta aurrerago Durin IV.a izanen dena. Disarekin dago ezkondurik (telesailerako propio asmaturiko pertsonaia), bi seme-alaba ditu, eta Elrond erdi elfoaren laguna da. Owain Arthur / Julen Iraola Matxain
Elrond: Erdi elfoa. Botere gorenek aukeratzen eman zietelarik Elrond-ek hilezkortasuna aukeratu zuen, baina Elros anaiak bizitza mortala izatea nahiago izan zuen eta Numenorreko lehen erregea izan zen. Elrond Galadrielen txikitako laguna da, baita Durin ipotxaren aspaldikoa ere. Hain zuzen ere, adiskidetasun horrengatik, ipotxengana bidaliko dute, haien laguntza lor dezan. Orduan, Elrond-ek oreka aurkitu beharko du elfoak laguntzearen eta gehien maite dituenei zor dien fideltasunaren artean. Robert Aramayo / Josu Varela Lezeta
Galadriel: Noldorreko elfoa, Finarfin-go Urrezko Etxeko alaba, Gil-galad erregearen armadako iparraldeko komandantea, oso ausarta eta gerrari bikaina, tematia eta gogorra. Betiereko bizitzaren ohoreari uko egiten dio Sauron maltzurraren bilaketan jarraitzeko, hori baita bere bizitzarako markatu duen helburu nagusia. Aurrerago Lothlorien-go dama izanen da, baina oraindik oso urruti dago horretatik. Morfydd Clarck / Jaione Insausti Arana
Halbrand: Hegoaldeko lurretako gizakia, baina bertze gizakiak baino anitzez ere indartsuagoa. Dirudienez, errementari izandakoa da. Azpikeriatan ibiltzen da, eta bere iragana ez da batere argia, baina Hegoaldeko errege gisa aitortuko dute istorioaren uneren batean. Telesailerako propio asmaturiko pertsonaia da Halbrand. Charlie Vickers / Erik Peitevin de Saint Andre Aranburu
Theo: Tirharad-eko gizaki nerabea, Browynen semea. Lastategi batean gaizkiaren objektu bat dirudien ezpata hautsi bat aurkitzen du, eta haren erakarmena sentitzen du. Tyroe Muhafidin /
Telesaileko bigarren mailako pertsonaiak
Adar: Uruk-a, orkoen burua. Hegoaldeko lurrak konkistatu nahi ditu, Sauron bere jaunaren eskuetan jartzeko. Joseph Mawle (1) eta Sam Hazeldine (2) / Jose Cruz Gurrutxaga Larrañaga
Disa: Ipotxa, harri kantaria, Durin printzearen emaztea.
Durin III.a: Ipotxa, Khazad-dûm-eko erregea, aurrerago Durin IV.a izanen denaren aita. Telesailean, Peter Mullan aktoreak jokatzen du bere rola.
Eärien: Numenorreko gizakia, Elendil-en alaba eta Isildurren arreba.
Elendil: Numenorreko gizakia, hango armadako kapitaina, eta, ezkutuan gordetzen badu ere, elfoen laguna da. Isildurren aita da. Lloyd Owen /
Gil-galad: Elfoa, Lindon-eko erregea.
Isildur: Numenorreko gizakia, Elendil-en semea eta Eärien-en anaia. Numenorreko itsas armadako kidea izatea nahi du aitak, baina berak ez. Numenorreko etorkizunaren alde engaiatu nahi du, hala ere, eta aurrerago ekintza gogoangarriak eginen ditu. Maxim Baldry /
Kemen: Numenorreko gizakia, Pharazôn-en semea. Ez du gizakien eta elfoen arteko aliantza berririk sortzea nahi.
Miriel: Numenorreko erreginaordea. Aita oso zahar dagoenez, benetan berak gobernatzen du uhartean. Elfoei mesfidantzaz begiratzen die hasieran.
Waldreg: Hegoaldeko gizaki gorrotagarria, bertze edozer eta edozeinen gainetik gaizkiaren zerbitzari eta morroi izan nahi duena.
Telesaileko hirugarren mailako pertsonaiak
Diarmid: Gizakia. Orkoengandik ihesi doan talde bateko kidea. Bigarren denboraldiaren hasieran, Halbrand bidean aurkitzen du eta noranzko hori ez hartzeko gomendatzen dio. Nicholas Woodeson / Txema Regalado Herrero