Emil Hácha (Trhové Sviny , Bohemia , Austriar-Hungariar Inperioa , 1872ko uztailaren 12a - Praga , Txekoslovakia , 1945ko ekainaren 27a ) txekiar abokatu , poeta eta politikaria izan zen. 1938ko azarotik 1939ko martxora Txekoslovakiako presidentea eta 1939-1945 bitartean Hirugarren Reicharen menpe zegoen Bohemia eta Moraviako protektoratuko presidentea izan zen.
1938ko iraileko Municheko Konferentzian Sudeteak okupatzeko baimena eman zitzaion Alemania Naziari . Horren ondorioz, Txekoslovakiako presidente Edvard Benešek dimisioa eman eta erbestera alde egin zuen. Azaroaren 30ean Emil Hácha hautatu zuten Benešen ordezko. 1939ko martxoaren 15ean, bestela Hitlerrek Praga bonbardatzeko agindua emango zuela mehatxaturik, Háchak Txekoslovakiaren kapitulazioa sinatu zuen. Jarraian, Alemaniak Bohemia eta Moraviako protektoratua eratu zuen eta, Emil Háchak presidente kargua atxiki bazuen ere, agintea Konstantin von Neurath Reichsprotektor-aren esku gelditu zen[ 1] [ 2] .
Emil Hácha, gaur egun ere, politikari eztabaidatua da, Txekoslovakiako okupazio naziari loturik dagoena, eta etsaiarekin kolaboratu izana leporatzen zaio. Beste batzuen ustez, ordea, gertaera historikoen biktima izan zen, txekiar nazio eta Estatuaren onetan sakrifikatu zena[ 1] .
Erreferentziak
Kanpo estekak