El Niño

El Niño fenomenoa
Artikulu hau fenomeno atmosferikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Niño».

El Niño (euskaraz Mutikoa) izenaz ezagutzen den fenomeno atmosferikoa, Ekuatore inguruko Ozeano Bareko itsasoa eta atmosferaren sistema globalean gertatzen den alterazioa da, normalean abendua eta martxoa artean gertatzen dena, non normalean oso hezeak diren inguruak, Indonesia kasu, lehor izatera igarotzen diren, normalean lehorra den Hego Amerikako mendebaldeko kostan prezipitazio ugari gertatzen den bitartean.[1][2][3]

Izena duela mende batzuk jarri zioten itsasgizon perutarrek, abendu amaieran hasten zenez, El Niño de Dios-en etorrera iragartzen baitzuen, Eguberria hain zuzen ere. Izen zientifiko gisa, ENSO gertaera ere erabiltzen da, ingelesezko El Niño - Southern Oscillation (El Niño - Hegoaldeko Oszilazioa).

Ezaugarriak

Fenomeno hori bitik zazpi urtera bitarteko tarteetan agertu ohi da. Itsasoak eta atmosferak egoera anormala hartzen dute hamabi eta hemezortzi hilabete inguruko periodoan. Fenomenoa Ozeano Bare Tropikalean hasten da, Australia eta Indonesia inguruan. Hainbat lurraldetako presio atmosferikoak aldatzen dira, haizeek norabide eta abiadura aldaketa bortitzak jasan, eta ingurune tropikaleko masa euritsuak mugitu egiten dira.

Egoera normalean, ekialdetik mendebaldera doazen alisio haizeek ur eta bero kantitate handiak pilatzen dituzte Ozeano Barearen mendebaldean. Horren ondorioz, itsasoaren maila, gutxi gorabehera, metro eta erdi goragoa izan ohi da Indonesian, Peru eta Ekuadorreko kostaldean baino. Gainera, itsas gainazaleko tenperaturaren inferentzia 8 °C-koa da bi zonaldeen artean. Itsaso azpialdean higitzen diren ur-masa hotzek Amerikako kontinentearen kontra jotzean azaleratu egiten baitira, goi geruzak hoztuz.

Eurite gehienak Asia hego-ekialdean gertatzen dira, hodeien formazioa eta ondorioz sorturiko prezipitazioak Ozeano Bareko itsaso beroen gainean berotu eta higitutako airearen ondorio baitira. Ozeano Barearen ekialdea, Amerikatik gertu dagoen sektorea, ordea, nahiko lehorra da.

El Niño garaian, ordea, presio aldaketen eraginez alisio haizeak ahuldu egiten dira. Itsasoaren gainazaleko tenperatura maximoak ekialderantz higitzen dira, sei hilabeteren barruan Hego Amerikako kostara iritsiz. Ondorioz, Ozeania ingurua hoztu egiten da. Ozeano Barearen ekialdean presioa jaitsi egiten da, mendebaldean igo egiten den bitartean, ondorioz, aire masa, eta laino eta euriak ere Amerikarantz mugitzen dira.

Guzti honen ondorioz, aipatu bezala, normalean oso hezeak diren inguruak, Indonesia kasu, lehor izatera igarotzen dira, normalean lehorra den Hego Amerikako mendebaldeko kostan prezipitazio ugari gertatzen den bitartean.

La Niña

Sakontzeko, irakurri: «La Niña»

La Niña fenomenoa El Niñoren kontrakoa da. Kasu horretan, ekialdean presio altuak mantentzen dira denbora luzez, mendebaldean presio baxuak sortzen diren bitartean. Gainera, alisio haizeak biziagotzen dira eta ondorioz, El Niñoren kontrako fenomenoa gertatzen da: aire masa hezeak mendebalderantz higitzen dira eta prezipitazio gogorrak Asia hego-ekialdean eta Ozeanian gertatzen dira.

ENSO gertaera

Ozeano Bareko tropikoetatik lurburuetarako latitudeetaraino antizikloi zelulak dira nagusi; zelula horietan Ekuatore alderako alisioak sortzen dira. Antizikloi zelulek ekuatoreko aldean ekialdetik mendebalderako haizeak eratzen dituzte, eta haize horiek itsaso aldera jotzen dute antizikloi zelulekin batera, ekuatorearen paraleloan ekialde-mendebal norabideko bi itsaslaster paralelo eratuz (Ekuatore iparraldeko eta Ekuatore hegoaldeko itsaslasterrak, hain zuzen). Itsaslaster horiek ur epelez kargatuta daude, ur epela Ozeano Barearen mendebaldean pilatzen da, eta pilatze horren ondorioz Asiatik Ameriketara 5-6° ipar latitudera doan Ekuatoreko kontrako itsaslaster bat eratzen da, Erdiko Ameriketara eta Mexikora iristen dena. Hego Ameriketako kostaldean, ordea, ez da joera hori betetzen eta ur hotzeko itsaslasterra da nagusi.

Txileko kostaldean goi latitudeetatik iristen dira ur hotz horiek, hego-mendebaldeko haizeekin batera; iparralderago ipar-mendebaldeko norabidea hartzen du haizeak eta upwelling izeneko fenomenoa eragiten du Peruko kostaldean: fenomeno horren ondorioz, oso ur hotza izaten da inguru horretan, batez ere 15-20° hego latitudeen artean. Hego Hemisferioko udan (urtarrila-martxoa) Ozeano Barearen hegoaldeko antizikloiak hego-mendebalderantz egiten du.

Horrek indarra kentzen die Txile-Peru kostaldeko alisioei eta, aldi berean, gorantz egitea eragozten dio itsas hondoko ur hotzari.

Ekuatoreko kontrako itsaslasterrak hegoalderanzko joera har dezake horrela, Peruko kostaldean barrena, eta depresioa (presio gutxiko zelula bat, alegia) sor dezake; depresioak euria eragingo du Perun, Ekuadorren eta beste herri batzuetan.

Upwelling delako gertaerarekin loturik, aipatzekoa da Latinoamerikako Ozeano Bareko kostalde guztian hego-ekialdeko haize alisioak Peruko itsaslasterreko edo Humboldt itsaslasterreko ur hotzaren gainean mugitzen direla; azaleko ura kostaldetik urrutira eramaten dute, eta sakoneko urak, ur hotzagoak eta elikagaiez beteak, gorantz igotzen dira, upwelling fenomenoaren bidez. Goialdeko geruzetako ura mendebalderantz aldatze hori Ozeano Barearen hegoalde guztian gertatzen da, Pazko uharteko tropikoaz kanpoko presio garaiko zelularen eraginpean (zelula hori da hain zuzen ere alisioen eragileetako bat, ekuatoreko lerroaren azpialdeko alisio zerrenden eragilea zehazki). Ura mendebaldean pilatzen da eta ur epeleko geruza gero eta lodiagoa egiten da, edo beste era batera esanda, gero eta sakonago dago termoklina (tenperatura alde handia duten uren arteko bereizketa egiten duen ur zerrenda edo geruza).

Horrela, Hego Ameriketako aldean 50 metroko sakoneran hasten da termoklina, eta Ozeano Barearen mendebaldean, aldiz, ez da 200 metro baino gorago hasten.Indar handiko ENSO gertaera Hego Amerika aldean alisioen zirkulazioa gehiegi baretzen denean antzematen da.

Hegoaldeko oszilazioa Walker eta Blissek aurkitu zuten 1924an; esapide horrekin adierazten den gertaeraren ezaugarri nagusia presioaren gorabehera da, Tropiko aldeko Ozeano Barean ekialdearen eta mendebalaren arteko egurats presioaren aldearen gorabeherak, hain zuzen ere. 1920ko hamarkadan Gilbert Walkerrek, Indiako meteorologia zerbitzuko zuzendari zenak, India aldeko udako montzoiaren intentsitatea eta hasiera data antzemateko sistema bat aurkitu nahian, kontrako zeinuko korrespondentzia aurkitu zuen Ozeano Bareko hego-ekialdeko (edo Pazko uharteko) antizikloiaren eta Indiako ozeanoaren presio eremuaren artean, eta Hegoaldeko oszilazioak Indiako udako montzoiaren jardueran zerikusi handia zuela ikusi zen horrela.

El Niño izena eman zioten gertaera horri espainiar konkistatzaileek. El Niño itsaslaster epela eta, oro har, ahula zen, eta Ekuador hegoaldean eta Peru iparraldean agertzen zen Eguberri aldera, horregatik jarri zioten izen hori. Inguru horretako ur azalean Humboldt itsaslaster hotza, elikagaiez betea, mugitzen da, horrek fitoplanktona elikatzen du, eta horrela antxoa sardak hazten dira. Eguberrietan, ur epela iristean uraren elikagaiak gutxitu egiten dira, eta horrek arrantza jarduera jaitsarazten du. Peruko iparraldera bitarteko ura bakarrik epeltzen da, ordea, eta martxoa-apirila bitartean berriro iristen da ur hotza eremu horretara ere. Ur epelarekin batera, bestalde, itsasoaren eta kontinentearen arteko haize erregimena aldatu egiten da. Horrela, apiriletik aurrera kontinentetik itsaso aldera jotzen du haizeak, eta urte amaiera aldera haize jario hori eten egiten da, eta kontrako joera ere hartzen du. Gertaera hori Indietako zenbait bidaiarik eta kronikagilek aipatu zuten, eta horrek aukera eman zion Fray Tomas Berlangakoari 1535ean Galapago uharteak aurkitzeko, haren itsasontzia otsaila amaieran Panamatik Ekuadorrera abiatu ondoren aldatu egin behar izan baitzuen hasierako norabidea.

Tarteko tenperatura ohi baino askoz ere garaiagoak, euri gogorrak eta uholdeak gertatzen dira eremu horretan, hau da, giroaren erabateko aldaketa gertatzen da; aldaketa horren ondorioz, plankton asko hiltzen da, eta horrek kalte egiten dio (ura gaixotu egiten dela esaten da, azido sulfhidrikoek usteldu egiten baitute) Humboldten itsaslasterrarekin eratutako kate trofikoari edo elikaduraren kateari (izaki bizi bakoitzak bere beharrak asetzeko elikagaiak bilatu behar ditu, eta beste izaki batzuk janez lortzen du behar hori asetzea; elikaduraren kate horretan, izaki mota batzuek beste mota batzuen beharra duten egoerari deritzo kate trofiko edo elikadura katea).

Arrantzan eta arrantzarekin loturiko jardueretan ere arazo handiak izaten dira, eta itsasoko hegazti asko hiltzen dira. Aldiz, eta nahiz eta arrantzan hondamen handiak izaten diren, ENSOren indar handiko ekinaldiak eragiten duen udako euria onuragarria zaie landei, eta alubioiek hondamena ekartzen ez badute, edo guano (itsasoko hegaztien zirina, ongarri gisa erabiltzen dena) gehiegi sortzen ez bada, nekazaritzako uzta hobetu egiten da.

ENSO gertaerarekin, El Niñoren itsaslaster kontrakoa gehiago nabarmentzen da eta aurrez adierazitako denbora-espazio mugak gainditzen ditu. Ur epelak hartzen du Ekuador eta Peruko kostalde guztia eta Txilekoaren parte bat, batzuetan Valparaisorainoko tartea hartzen du (33° hego latitudea), eta handik Ozeano Barearen hegoalderaino, mendebaldetik 150-160° latituderaino iristen da, eta ez da desagertzen martxoan edo apirilean, hantxe gelditzen da urte guztian.

Horrela, 1525etik aurrera 81 ekinaldi nabarmendu dira, indar handikoak edo oso indar handikoak horietako batzuk: 1578, 1728, 1791, 1828, 1877, 1878, 1891, 1925-1926, 1957-1958, 1972-1973 eta 1982-1983. Bereziki aipagarriak izan ziren 1925-1926, 1972- 1973 eta, batez ere, 1982-1983 urteetakoak; Peru aldeko kostaldeko uraren tenperatura 7° C igo zen inguru hartako batez besteko tenperaturaren balioarekin alderatuta eta arrantzan galera handiak eragin zituen berotze horrek.

XX. mendeko ENSOren gertaerarik indar handikoena 1982-1983koa izan zen. Urte horretan Ozeano Bareko antizikloia hainbeste mugitu zen hego-mendebaldera ezen Ozeano Barearen ekialdea eta erdialdea haren eraginpetik at gelditu baitziren, eta eremu horretan eragin ordez, Australian (urte sasoi horretan depresio termikoa izaten da oro har), Indonesian eta Koral itsasoan kokatu zen. Horrela, Ekuatoreko itsaslaster kontrakoaren ur epelak ohi baino latitude beheagoetara iritsi ziren, eta Peruko kostaldean kokatu ziren; horrek galera handiak ekarri zizkion arrantzari eta, Peruko biztanleriaren parte handi bat arrantzarekin loturiko jardueretan aritzen dela kontuan harturik, ekonomiari oro har. Horrez gainera itsaso epel horien gainean kokaturiko depresioak uholdezko euriak eragin zituen Perun eta Ekuadorren, eta hondamen handia gertatu zen. Ozeano Barearen erdialdean ere antzera gertatu zen; antizikloiaren eragina gutxitu zenean, lurruntzea ere gutxitu egin zen, eta itsasoko tenperaturak gora egin zuen, 27° C-tik gora; horren ondorioz zikloi tropikalak eratu ziren eta 12° eta 27° hego latitudeen arteko uharteak suntsitu zituzten. Ozeano Barearen mendebaldeko muturrean, aldiz, lehorte handia gertatu zen Australia guztian, eta baita Afrikan eta Hego Ameriketan ere, batez ere mendebaldean, hego-mendebalderantz mugitu baitziren Indiako ozeanoko eta Ozeano Atlantikoaren hegoaldeko antizikloiak.

Beraz, Hego Hemisferioko eguratsaren zirkulazioan erabateko aldaketa gertatu zen; gorabehera horrek hondamen handia eragin zuen, hemisferio guztian eratzen diren harremanak kontuan harturik, hemisferioaren eremu guztian.

ENSO gertaeraren nondik norakoak aztertu ondoren, garrantzi handikoa litzateke ekinaldiak noiz hasiko diren atzematea.

1982-1983 ekinaldi indar handikoa arte (hura izan da orain arte XX. mendeko handiena) ohikoa baino alisio indar handiagokoak zirenean Ozeano Barearen hego-mendebaldean eta erdialdean, Kelvin uhin indar handikoak gertatzen zirela uste izan da eta horrek ur epela eramaten zuela Hego Amerika aldera. Dena dela, 1981eko eguberrien aurretik ez zen haize alisio handirik izan, eta beraz haize alisio indar handikoak izatea ez da ezinbesteko baldintza ENSO gerta dadin.

Ikusten denez, gertaera honen arrazoiak eta xehetasunak ez dira zehatz-mehatz ezagutzen oraindik.

Ondorioak

Lekuan lekuko klimatologiaren azterketan garrantzi handia ematen zaio gaur egun ENSO gertaeraren eta mundu guztiko eskualdeetako klima aldagaien balioen arteko loturari.

«Urruneko loturak» dira, hau da ENSO eta beste gertaera ez ohiko batzuek munduan zehar eragiten dituzten aldaketak, gertaera ez ohikoaren eta lekuan lekuko klimen artean eratzen diren lotura bitxiak.

ENSO gertaerak ondorio hauek ditu Ozeano Barearen hegoaldean: euri ugari Perun eta Txileko iparraldean, eta antxoa sardak suntsitzea, eta lehortea Australia inguruan eta Indonesian. Ondorio horiei dagozkien datu sozioekonomikoak bereziki aipagarriak dira: 1970 eta 1983 artean Peruko arrantza-guneetako arraina 12 milioi tonatik (munduko lehenengo herrialdea) milioi t?erdi tonara jaitsi zen ENSOren 1972-1973 eta 1982-1983 urteetako gertaera bortitzen ondorioz. Antxoaren arrantzarentzat oso ondorio kaltegarriak izan zituen batez ere 1972-1973ko ekinaldiak: 1.500 itsasontzi gelditu zen lan gabe eta 200 bat arrain lantegi itxi behar izan ziren, arrantzan edo arrantzari loturiko jardueretan aritzen ziren ehun bat mila lagun langabezian gelditu zen.

Arrantzaren hondamenaz gainera, EN- SOren erasoek Ozeano Bareko Iberoamerika aldeko nekazaritza ekoizpena eta etxebizitzak eta azpiegiturak honda ditzakete, uholdeen eraginez besteak beste. 1982- 1983ko ENSOak, esaterako, 3.000 milioi dolarreko galerak eragin zituen Perun, Ekuadorren eta Bolivian, beroaren ondorioz.

Bestalde, 300 lagunetik gora hil ziren gosez Indonesian, eta Australian, baso asko erretzeaz gainera, gari uztaren erdia galdu zen eta hainbat abelburu hil ziren: orotara, 2.500 milioi dolarreko galerak izan ziren.

Baina lekuan lekuko gorabehera horiez gainera ENSOren indar handiko ekinaldiek mundu guztian zehar eragiten dituzte meteorologia gorabeherak. Horrela, Tahitiko uharteak adibidez, nahiz eta hiru urtez behin bakarrik izaten duen zikloi bat, sei zikloi tropikal izan zituen ENSOren 1982-1983ko ekinaldian zehar, horien artean «Veena» izenekoa (apirilaren 12a), azken berrogeita hamar urteetan izan duten gogorrena.

Era berean, lotura ikusi da Hego Hemisferioko itsaso tropikaletako tenperatura ohi baino garaiagoen eta Sahel inguruko Afrikako lurraldeetan udan prezipitaziorik ez izatearen artean.Mediterraneoko arroaren mendebaldean ere atzeman da harremanik ENSOren eta udazkeneko prezipitazio indar handikoen artean.

Zenbait adituren ustez, Valentzia inguruan ohi baino prezipitazio gehiago izaten da ENSOren ekinaldiaren garaian; izan ere, 1891z gero Ozeano Barean gertatu diren ENSOren ekinaldietatik % 77an ohiko balioez gaindiko euriteak izan dira Espainiako Levante aldean.

Azpimarratzekoa da 1957ko urrian (Turiaren uholdea, Valentzian), 1972ko (Segura arroan uholdea, Alacanteko Vega Baja eskualdean) eta 1982ko (Campo de Alicante eta Jucar ibaiaren arroa) urrian izan ziren udazkeneko euri jasa gogorren eta ENSOren 1957-1958, 1972- 1973 eta 1982-1983ko ekinaldien arteko lotura.

Hala ere ez dago erabat finkatuta ENSOren eta munduko beste lurralde batzuetako gertaeren arteko lotura hori.

Erreferentziak

  1. Ana, Galarraga Aiestaran. (2002-04-01). «Tropikoko bihurriak: El Niño eta La Niña» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-10-20).
  2. Txantiloi:Us-EN «El Niño & La Niña (El Niño-Southern Oscillation) | NOAA Climate.gov» www.climate.gov (Noiz kontsultatua: 2022-10-20).
  3. Martija, Maialen. (2012-10-21). «La Niña // NOrteko Ferrokarrila» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).

Biblliografia

  • Caviedes, César N. (2001). El Niño in History: Storming Through the Ages. Gainesville: University Press of Florida. ISBN 978-0-8130-2099-0.
  • Fagan, Brian M. (1999). Floods, Famines, and Emperors: El Niño and the Fate of Civilizations. New York: Basic Books. ISBN 978-0-7126-6478-3.
  • Glantz, Michael H. (2001). Currents of change. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-78672-0.
  • Philander, S. George (1990). El Niño, La Niña and the Southern Oscillation. San Diego: Academic Press. ISBN 978-0-12-553235-8.
  • Kuenzer, C.; Zhao, D.; Scipal, K.; Sabel, D.; Naeimi, V.; Bartalis, Z.; Hasenauer, S.; Mehl, H.; Dech, S.; Waganer, W. (2009). "El Niño southern oscillation influences represented in ERS scatterometer-derived soil moisture data". Applied Geography. 29 (4): 463–477. doi:10.1016/j.apgeog.2009.04.004.
  • Li, J.; Xie, S.-P.; Cook, E.R.; Morales, M.; Christie, D.; Johnson, N.; Chen, F.; d'Arrigo, R.; Fowler, A.; Gou, X.; Fang, K. (2013). "El Niño modulations over the past seven centuries" (PDF). Nature Climate Change. 3 (9): 822–826. Bibcode:2013NatCC...3..822L. doi:10.1038/nclimate1936. hdl:10722/189524.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!