Efesoko kontzilioa eztabaida kristologikoaren une garrantzitsua izan zen Elizan. Aurreko kontzilioek (Nizeako I. kontzilioak eta eta Konstantinopoliseko I. kontzilioak) Hirutasunari eta Jainkoaren izateari buruz eztabaidatu zuten nagusiki, baina Efeson Jesukristoren izate bikoitza (jainkozkoa eta gizatiarra) izan ziren eztabaidagai garrantzitsuenak. Nestorianoek Jesukristoren izate bikoitza banatuta zegoela zioten. Gainera, giza izatea nagusi zela zioten Jesusengan. Horregatik Maria bere amari Theotokos (Jainkoaren Ama) deitu beharrean Khristotokos (Kristoren Ama) deitzen zioten. Izan ere, nestorianoentzat Maria Jesus gizonaren ama zen soilik; Jesus gizona gizon normala zen, beste edozein bezala sortua baina Jainkoak zeregin berezi baterako aukeratua. Beste era batera esateko, Jesusen misioa ez zela betierekoa aitortzen zuten.
Efesoko kontzilioak nestorianismoa gaitzetsi zuen Jesus aldi berean gizaki eta Jainko zela aldarrikatuz. Maria, beraz, Kristoren ama izateaz gain, Jainkoaren Ama ere bazela adierazi zuten, erabat Jainko zen gizonaren ama zelako. Hala ere, Jesukristoren bi izate horien arteko harremana ez zen behar bezala zehaztuta gelditu.