Euskal Poliziaren Sindikatua: EH Ertzaintza, Nafarroa Foruzaingoa, Udaltzaingoa.
Euskal Polizien Sindikatu Abertzale Nazionala (ESAN), Euskadiko Poliziaren Legearen baitan Euskal Polizaren langileek (Ertzaintza, Nafarroako Foruzaingoa eta Udaltzaingoak barne) osatutako sindikatu profesionala edo korporatiboa da. Gaur egun sindikatu nagusia da Euskal Polizian, bai afiliatu kopuruari bai hausteskundeei dagokienez.
Helburuak
Sortu zenetik, langileen eskubideak defendatzea du helburu ESAN sindikatuak eta era berean langileen lan-baldintzak hobetzeko etengabeko aldarrikapena egitea. ESAN sindikatuak ulertzen du langileen indarra dela defendatu beharreko ongia, beti ere askatasuna, berdintasuna eta justizia bezalako baloreekin batera berdintasun eta aurrerapen baldintzak betetzen direnean.
Era berean, sindikatuaren estatutuek[1]jasotzen duten bezala, ESANek berezko xede ditu oinarrizko zein giza eskubideen, eskubide sozialen eta askatasun publikoen defentsa. Hauek guztiak erabat lotzen dira Poliziaren Europako Kode Etikoan aurreikusitako printzipioekin eta horrenbestez, baita Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean aurreikusitako printzipioekin ere.
Euskal Herriko Poliziaren Sindikatuak helburu hauek ditu:
Euskal polizientzako enplegu egonkorra lortzeko eskubidearen defentsa.
Polizia lanaren erabateko gizarte-babesa.
Lan baldintza hobeak lortzea, baita talde lanean ere. Gainera, helburuetako bat da kide guztien bizi-baldintzak hobetzea eta lana eta familia bateratu ahal izatea.
Gainera, sindikatuak Euskal Polizia euskaldun bat lortu nahi du, polizia-eredu zibil, demokratiko eta bidezkoa duena eta ideologia politiko orotik at dagoena. Betiere, herritarrak babesteari dagokionean, euskal gizarteak zerbitzu publikoei eskatzen dienarekin bat etorriz.
Historia
Gernikan sortu zen ESAN sindikatua, 2006ko apirilaren 26an eta euskaldunen eta demokraziaren sinbolo gisa aukeratu zen udalerria. Hasiera batean Ertzaintzaren Sindikatu Abertzale Nazionala izenarekin eman zion hasiera bere ibilbideari[2].
Sorrera data hori izatearen zergatia Gernikako bonbardaketa egun horretan gertatu izana da. Espainiako Gerra Zibilak utzi zuen erasorik krudelenetako bat izan zen Gernikako populazio zibilaren aurkako aireko eraso hura, urte batzuk geroago Pablo Picasso margolariak Gernika lanean hilezkortu zuena. Helburu sinboliko argia zuen suntsiketa izan zen eraso hura, euskal iruditeriaren funtsezko lekua baitzen Gernika.
Horrela sortu zen ESAN sindikatua, une hartan Ertzaintzaren esparruan zaharkitutzat jotzen zuten sindikalismoari alternatiba bat bilatze aldera.
Bilakaera eta lorpenak
Ertzaintzaren 2006ko hauteskundeetan, 502 boto lortu zituen ESANek. Garai hartan, Javier Balza Aguilera Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburu (EAJ-PNV) zenean, ESAN eragile aktiboa izan zen alderdi politiko ezberdinekin hitz egiterako orduan. Sindikatuaren helburua zen talde zein jarduera profesionalaren ondoriozko erretiro aurreratua Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean sar zedin kasu partikular moduan.
2009. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan gobernu-aldaketa izan zen eta Barne kontseilari izendatu zuten PSE-EEko kide zen Rodolfo Ares Taboada. 2010eko hauteskunde sindikaletan, ESANek Ertzaintzaren hirugarren indar sindikal izatea lortu zuen 789 botorekin. Negoziazio luze eta gogorren ondoren, 2012an, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen zituen akordiorik garrantzitsuenetako bat sinatu zuen ESANek, baita adinaren arabera modulatutako zerbitzu aktiboaren (Servicio Activo Modulado edo SAM, gaztelaniaz) dekretuaren arautzea (55 urtetik gorako langileen lan-baldintzak arautzen dituena, adinaren eta lan egindako urteen araberako higadura logikoari erreparatuta) eta Karrera Profesionala Ertzaintzan sartzeko akordioa (guztiek ERNE sindikatuaren babesa izan zuten).
2013an beste errelebo bat izan zen Eusko Jaurlaritzan eta Estefanía Beltrán de Herediak (EAJ-PNV) hartu zuen bere gain Segurtasun Saila. Ez zen akordio berririk lortu Ertzaintzan eta ez zuen bere gain hartu aurreko sailburuarekin adostutako karrera profesionala sartzea. Gatazka aro nabarmena izan zen Gobernuaren eta Ertzaintzako Sindikatuen artean eta bertan behera geratu ziren 2014ko hauteskunde sindikalak. Momentu hartan ESAN indar garrantzitsu gisa finkatu zen kolektiboaren barruan, 1462 botoren babesarekin.
Garai hartan, Euskal Herriko Poliziaren Legearen aldaketa mahai gainean, bilerak egin ziren hainbat alderdi politikorekin Euskal Autonomia Erkidegoan zein Madrilen. Ahalegin guztiak egin ziren, bai adinaren arabera modulatutako zerbitzu aktiboaren erregulazioa lortzeko, baita EAEko Euskal Poliziaren kolektibo osoarentzako Karrera Profesionalaren aintzatespena lortzeko ere. Karrera Profesionala aintzat hartuta 10.000 Euskal Polizia baino gehiago dira onuradunak. 2019ko ekainaren 27an, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa onartu zen euskal parlamentuan. Moldaketa horretan sartu ziren Ertzaintzako sindikatuek hainbeste aldarrikatutako aurrerapenak.
2021. urteko otsailean egindako hauteskunde sindikaletan, ESANek 2011 boto lortu zituen Ertzaintzan. Egun horretatik aurrera, alternatiba sindikal gisa sartu zen EAEko udaletxe askotan eta ordezkaritza lortzeaz gain, hauteskundeak irabazi zituen udalerri askotan; hala nola, Bilbon[3], Donostian[4], Gasteizen, Amurrion, Arrigorriagan, Barakaldon, Durangon, Erandion, Errenterian, Getxon, Pasaian, Mutrikun, Plentzian, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Zornotzan eta Zumaian. Gauzak horrela, ESAN sindikatua sendotu eta Euskal Polizia osoko lehen indar sindikal bihurtu zen.
2024ko abuztuan, ESAN sindikatuak kanpaina[5] bat abiarazi zuen Euskadiko udal nagusiekin, EUDELekin eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin[6], bai Ertzaintzarentzat bai Euskadiko udaltzaingoentzat kontrol elektronikoko gailuen (taserra) hornidura formalki eskatzeko, ikerketa-lan batekin batera egindako eskaera baten bidez.
Ekimen horrek jarraipena ematen zion sindikatuak 2021az geroztik planteatutako aldarrikapen bati, euskal poliziei lurraldeko errealitate kriminologiko berrietara egokitutako tresnak emateko helburuarekin. ESANek argudiatzen zuen kontrol elektronikoko gailuek erantzun proportzionala ematen zutela indarkeriazko egoeren aurrean, hain kaltegarria ez den alternatiba bat eskainiz, agenteen zein herritarren segurtasuna hobetzen laguntzen duena.
Hilabeteetako negoziazioen ondoren, 2024ko azaroan Eusko Legebiltzarrak gailu horiek hornitzea onartu zuen[7]EAJ-PNV, PSOE, PP eta Voxen aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen bozketan. Aurretik, ESANek Donostiako eta Gasteizko euskal hiriburuetan ezartzea lortu zuen. Lorpen horrek aurrerapen nabarmena ekarri zuen euskal segurtasun-indarren taldeen modernizazioan eta delitu-dinamika berrien aurrean erantzuteko gaitasunean.
Idazkaritza Nagusia
Eneko Urkijo Artaraz, ESAN sindikatuko Idazkari Nagusia 2006 eta 2021 urte bitartean.
Roberto Palma Gorostiza, ESAN sindikatuko Idazkari Nagusia 2021. urteaz geroztik.
Erreferentziak
↑Euskal Polizia, ESAN. (2023). «Estatutos del Sindicato ESAN - ESANeko Estatutuak» Oficina Pública de Depósito de Estatutos de las Organizaciones Sindicales y Empresariales del Gobierno vasco.