Cristina Garmendia Mendizabal (Donostia, Gipuzkoa, 1962ko otsailaren 21a) biologoa eta enpresaburua da. Militantzia politiko ezagunik gabekoa, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministro izendatu zuten, 2008ko apirilean, IX. Legealdian, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuan.[1] 2015etik aurrera, Berrikuntzarako Cotec Fundazioko presidentea da.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoko biologian doktorea da. Ministro izendatu aurretik, Inbiomed Fundazioko eta Bioenpresen Espainiako Elkarteko presidentea izan zen. 2000. urtean Genetrix, bioteknologia sektoreko enpresa eta YSIOS arrisku-kapitaleko osasun eta bioteknologian espezializatutako enpresa sortu zituen. Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko kidea ere zen. Gobernua utzi eta gero, Cristina Garmendiak bere enpresa-jarduerari ekin dio berriz ere, YSIOS eta Genetrix-eko akziodun bezala, baita aholkulari kontseilu publiko eta pribatuetako kide bezala, besteak beste, Kolonbiako Gobernuarentzat.
Bizitza
1962an jaio zen Donostian (Euskal Herria). 18 urte zituela Biologia ikasketak hasi zituen Sevillako Unibertsitatean, Genetika espezializazioan lizentziatu zen.
Ondoren, Madrilera joan zen, eta 1980ko hamarkadatik aurrera bertan bizi da.
Madrilen CSICen doktoretza ikasketak burutzen zituen bitartean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan irakasle laguntzaile bezala aritu zen, Genetika eta Biologia Molekularra Sailetan.
Biologia molekularrean doktoratu zen, Margarita Salasen zuzendaritzapean 1989an, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
Bere formakuntza akademikoa, 1992an osatu zuen, Nafarroako Unibertsitateko IESEn Executive MBA burutu ondoren.
Ideologia
PSEekoa ez dela adierazi duen arren, Patxi Lopezen gobernuaren aldekoa izan zen. Ibarretxe Plana, Garmendiaren iritziz astakeria bat zen, ez zen konponbidea eta euskal herritarrak banatzeko baino ez zuen balio. Beharrezkoa ez zen gauza bat izateaz gainera kaltegarria zen.[2] Cristina Garmendiaren iritziz, Euskadik berrikuntza teknologikoa izateko biderik errazena EAJ oposiziora bidaltzea zen.[3]
Aldi berean, berrikuntza teknologikoaren transferentzia eskatzea bere ustez, etorkizuna eraikitzen ez zuen eskari bat egitea zen. Nahiz eta transferentziari buruz hori esan, lau hilabete beranduago, EAJ eta PSOEren arteko negoziaketen ondorioz, Euskadik, Gernikako Estatutuan idatzita zegoen transferentzia jaso zuen 2008ko urrian.[4]
Sariak eta errekonozimenduak
- Karlos III. Ordenaren Gurutze Handia (2011ko abenduraren 30a).[5]
- Donostiako Urrezko Danborra. (2008ko urtarrilaren 20a)[6]
- Ohorezko Kolegiatua Andaluziako Biologoen Elkargo Ofiziala.-www.cobandalucia.org- (17 de diciembre de 2010)
Erreferentziak
Kanpo estekak