Charles Lamb (Londres, 1775eko otsailaren 10a - Edmonton, 1834ko abenduaren 27a) britainiar idazlea izan zen. 1796an argitaratu zuen bere lehen obra, lau sonetok osaturiko poesia-bilduma bat. Sona handia lortu zuen A Tale of Rosamund Gray narrazioari esker 1798an. 1801. urtean idatzi zuen, drama-idazle isabelinoen ereduari jarraiki, John Woodvil drama. 1807an eman zuen argitara Shakespeareren antzerkian oinarrituriko Tales from Shakespeare (Ipuinak), bere arreba Maryrekin batera idatzi zituenak. 1810-1811 urteetan Shakespeare eta Hogarth idazle britainiarren gaineko saiakerak argitaratu zituen, baina haren obrarik ezagunenak 1820-1825 urte-bitartean Elia izenaz idatzi zituen saiakerak izan ziren, geroago Eliaren saiakerak izenburuko bilduma osatu zutenak. Harenak dira, halaber, ondorengo lanak: The Adventures of Ulysses (1808); Mrs. Leicester´s School (1809); eta Specimens of English Dramatic Poets Who Lived About the Time of Shakespeare (1808).
Erreferentziak