Biedermeier

Carl Spitzwegek 1841ean egindako Biedermeierren margolan tipikoa.
Margolan honetan Leopold Zielckek, 1825 inguruan, Berlingo estilo horren saloi bat deskribatu zuen.

Biedermeier XIX. mendearen hasieran Erdialdeko Europan eta Austriar Inperioan garatu zen literatura eta arte estiloa izan zen. Historikoki 1814-1815eko Vienako Batzarra eta 1848ko iraultzak artean kokatzen da. Kontzeptua denborarekin aldatuz joan zen: hasiera batean altzarietan eta arte apaingarrietan erabilitako estilo soila izendatu zuen;[1] ondoren, margolaritza eta literaturaren mundura zabaldu zen, elementu erromantikoak adierazten zituen estiloa definitzeko: sentimentaltasuna, intimismoa eta burgesia txikiaren gaineko begirada satirikoa.[2]

Hitzaren jatorria

Kontzeptua bi idazleek sortu zuten: Ludwig Eichrodt eta Adolf Kussmaul. Bi egile hauek Municheko aldizkari batean poema satiriko batzuk plazaratu zituzten 1855ean. Poesia horietan eskola-maisu bat aipatzen zen, Gottlieb Biedermeier. Bierdemeier, 1848-1849ko alemaniar iraultzaren liberalen ikuspuntutik, burgesia kontserbadorea eta apolitikoaren ikurra zen. Biedermeier asmatutako pertsonaia zen eta bertso bitxikien egilea zen. Pertsonaia 1855ean Fliegende Blätter astekarian oso ezaguna egin zen. Berez, «bieder», zintzo eta zuzena esan nahi du baina liberalen erabileran zentzu kritikoa hartzen zuen. [3]

Altzarien galeria

Hasiera batean altzarien estilo batekin lotu zen.

Arkitekturan

Arkitekturan Biedermeier kontzeptuak soiltasuna eta elegantzia adierazten du. Gordetzen den Biedermeier estiloko eraikin elegantenetariko bat Vienako Stadttempel da. Estilo honen arkitekto eta diseinatzaile ezagun batzuk hauek dira: Elisabeth Von Baczko eta Karl Ehn bere lehenengo urtetan. Biedermeierrek, bestetik, beste mugimenduetan eragin handia izan zuen: Jugendstil edo Art Nouveau, Bauhaus eskola eta XX. mendeko beste mugimenduetan.

Margolaritzan

Biedermeier estiloko margolaritza nahiko errealista da. Margolan horietan bizitza eta alaiaz eta poztasunez betea azaltzen da. Teknika nagusia akademikoa da. Errealismoa adierazteko estilo narratzailea erabiltzen zen. Gai desberdinetan zabaldu zen estiloa: margolanetan, paisaietan, kronika garaikidea...

Mugimenduaren egile garrantzitsuak hauek izan ziren: Carl Spitzweg (1808-1885), Ferdinand Georg Waldmüller (Viena, 1793-1865), Josip Tominc (Gorizia, 1780-1866), Friedrich von Amerling (Viena, 1803-1887), Friedrich Gauermann (Miesenbach, Austria Behera, 1807-1862), Johann Baptist Reiter (Linz, 1813 - 1890), Peter Fendi (Viena, 1796-1842), Michael Neder (Viena, 1807-1882), Josef Danhauser (Viena, 1805-1845), Edmund Louis Eduard Wodick (Markt Alvensleben, 1806-1886). Biedermeier margolaritzaren erakusketa garrantzitsuena Vienako Belvedere jauregiaren museoan ikus daiteke.[2]

Literaturan

Kontzeptuaren jatorrian azaldu den moduan, Biedermeier hitza Ludwig Eichrodt eta Adolf Kussmaul idazleek sortu zuten. Garaian zentsura eta kontrolak handiak ziren. Horren ondorioz, Unterhaltungsliteratur edo «literatura atsegingarri» asko zabaldu zen. Kontzeptu horren barruan genero apalagoak biltzen ziren: eleberri laburrak, almanakeak, bertsoz idatzitako narrazioak, baladak, ipuinak... Estilo horretan idazle hauek koka daitezke: Eduard Mörike, Friedrich Rückert, Karl Leberecht Immermann eta Annette von Droste-Hülshoff Alemanian, Franz Grillparzer eta Adalbert Stifter Austrian, Jeremias Gotthelf Suitzan.[4][5]

Musikan

Etxean musika egiteko argitalpen asko zabaldu ziren. Askotan etxean jotzeko moldaketak ziren: Liederak eta musika-trebakuntza profesionalik gabe pianoan interpreta zitezkeen zenbait obra sinfonikok, garai hartako musikaren irismena zabaldu zuten. Garai honetako konpositoreen artean Beethoven, Schubert, Rossini, Mendelssohn, Chopin, Schumann eta Liszt zeuden. Jakina, egile hauek ez daude Biedermeier mugimenduarekin lotuta.

Erreferentziak

  1. https://web.archive.org/web/20201126002428/http://www.anticuarium.es/blog/la-teoria-en/biedermeier-un-estilo-unico-y-original
  2. a b https://web.archive.org/web/20120429113656/http://www.belvedere.at/en/sammlungen/belvedere/klassizismus-romantik-biedermeier/biedermeier
  3. [1]Vincenti, Leonello (1930). TRECANI, Enciclopedia Italiana, «Biedermeier»
  4. Hans Gerd Roetzer y Marisa Siguán, "¿Qué quiere decir Biedermeier?", en Historia de la literatura alemana 1. De los inicios hasta 1890: épocas, obras y autores. Bartzelona: Ariel, 1990, 224 or.
  5. https://www.ecured.cu/Biedermeier

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!