Antxitonea trinketa

Antxitonea trinketa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaElizondo
Koordenatuak43°08′44″N 1°31′11″W / 43.145656°N 1.519594°W / 43.145656; -1.519594
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1894
Edukiera400

Antxitonea trinketa Elizondoko trinketa da, Nafarroa Garaian daudenetan zaharrena. 1894an eraiki zenetik, sona handiko pilota partidak, bertsolari txapelketak edota mitin politikoak egin dira bertan.[1] Egun, trinketaz gain, hotela eta ostatua ere ditu.[2]

Historia

1894an ireki zuten trinketea Isidro Iribarren eta Josefa Iturralde senar-emazteek,[3] Antxitonea etxearen gibelean, atzeko paretari itsatsia. Ondorengo jabea Domingo Arotzarena izan zuen, eta haren seme Salvadorrek hartu zuen gero lekukoa. Florencio Azkona izan zen hirugarren jabea. 1997 arte, Tomas Ugalde izan zen trinketaren jabe, baina Baztango jendearen bilgune zen eraikina zahartzen ari zen, eta Ugaldek saltzera atera zuen. Francisco Urrutiak, Mexikon bizi zen azpilkuetarrak, erosi eta zaharberritu zuen.[1]

Bertan jokatutako pilota partidek eta kantatutako bertso saioek eman diote ospea Antxitonea trinketari. 1922ko abenduaren 2an Jean-Baptiste eta Léon Dongaitz anaiek Leonis eta Artzeren aurka jokatu zuten desafioak berealdiko oihartzuna izan zuen. Partidaren lekuko izan zen Mariano Izetaren arabera, "Iparralden bi partida egin zituzten, eta bana gelditu, eta Antxitonea aukeratu zuten gero azken partida erabakitzeko. Sekulako jendeketa etorri zen. Bete-betea dena eta jendea kanpoan. Batzuk bikote baten alde eta bertzeak bertzearen alde. Eta txaloak egiten zituzten karrikan, beren aldekoek tantoa egiten zutelarik". Partida hura Urruñako Dongaitz anaiek irabazi zuten.[1] Ikusleen artean zegoen Jan Battitt Millox senperetarrak bertsotan egin zuen partidaren kronika:


1
Huna pertsu berriak, nik orai emanak,
Kantuz erraitekotan plekarien famak:
Elgar ezin bentzutuz izan tuzte lanak;
Azkenean nausitu dire zaharrenak.

2
Mila bedrazi ehun hoita bigarrena:
Urte hau hainitzentzat zer orhoitzapena!
Irabaztailek plazer, galtzailek zer pena!
Bethi lanjer menean irriskatzen dena.

3
Larunbatarekin zen, abendoak bia:
Orduan jokatu da partida handia.
Elizondon in zuen diruzko uria
Bai eta proetxatu lapurtar jendia.

4
Partida hau izan da izigarrikoa;
Bakan aditzen baita hau bezalakoa.
Trinketa hautaturik Elizondokoa,
Han eginen zutela guziek jokoa.

5
Dongaitz anaia biak, Leonis ta Arcé!
Partidaren finitzen lanak izan tuzte.
Gaztek galtzerik ere ez baitzuten uste,
Azkenean zaharrek irabazi dute.

6
Jean-Baptiste Dongaitz zen gizon famatua,
Ez baita maiz ikusten hoi bezalakoa.
Berrogoi urte eta ehun kilokoa,
Berdin, buruz nagusi, egin du jokoa.


7
Besoa hasi zaio pixka bat ttikitzen,
Gorputza pisutu ta ilea zuritzen:
Bainan halere ez da batere izitzen,
Azkenean badaki kintzea trenkatzen.

8
Partida egiletan bat zen Mendiondo:
Ez omen du ikusi nehor egundaino
Horrela atxikitzen azken kintzeraino
Hondarrean Jean Baptiste nausi zen oraino.

9
Hamar mila libera alde bakotxetik,
Behar zuzten jokatu hasteraz geroztik:
Trebesak zenbat ziren Jainko onak zakik,
Galdu duten gaixoek ere bai hargatik!

10
Ondoan banituen urgulutsu hainitz,
Oihu-garrasiaka xantza bildu nahiz:
Sekulan parada hoi jiten bazait berriz,
Begira egonen naiz bazterretik irriz.

11
Partida horren famak horra hor pertsutan,
Guziek kantatzeko Eskual-herrietan.
Nihor gertatzen bada ene beharretan,
Zerbitzaturen ditut denak lorietan.

12
Kantuen emailea Batista handia;
Guziek dakitena, gizon bat noblia;
Pertsu berri emaiten parerik gabea;
Lanetik ageri da ofizialea.[4]

Ondoren ere egin ziren esku-huskako pilota partida entzutetsuak. Errate baterako, 1928an, Santiago Salegik eta Atano IV.ak, Dongaitz eta Mantzikoren kontra jokatu zutena; azken biak atera ziren irabazle. Zenbait urte geroago, oihartzun handia izan zuen Jaime Larralde arizkundarrak Txikito Iraetakoaren aurka jokatu eta irabazi zuen partidak; Ximun Haran ospetsuaren kontra, berriz, bi desafio jokatu eta biak galdu zituen.[5]

XX. mendearen bigarren erditik aitzinera, gomazko paleta izan zen Antxitoneko modalitate nagusia. Bertan trebatu ziren, besteak beste, Vidal Baylon eta Manuel Olondriz, 1952ko Munduko Txapelketan parte hartu zutenak, Pantxo Lazaro, Joaquin Leitza Txatxin, Eusebio Urrutia, Patxi Ameztoi eta Alejandro Galarregi.[6] Azken honek irabazi zuen, Manuel Goñi Xoko bikote zuela, Mendeurrenaren Koparen finala 1994ko azaroaren 20an, Luis Mari Iturriria eta Kiko Jaenen aurka. Era horretan, Elbeteko Galarregik bikotekako zazpigarren txapela eskuratu zuen, eta Txatxin-ek zuen marka hobetu.[7]

Antxitonea eta bertsolaritza

Antxitoneako paretak hainbat bertso saioren lekuko eta entzule izan dira. Besteak beste, han egin zen Nafarroako I. Bertsolari Txapelketa. 1936ko urtarrilaren 12an izan zen, eta hamar bertsolari hurbildu ziren Elizondora, haietako hiru baztandarrak: Pedro eta Juan Ibarra zigatarrak, eta Patxi Elorga lekaroztarra. Beste zazpiak mugaz bi aldeetako herrietakoak ziren: Juan Felix Iriarte, Martzel Larrosa, Beltran Sahargun, Joanes Harriet, Ximun Ibarra, Jose Mari Mutuberria eta Mixel Dargaitz. Lehen postua Juan Felix Iriartek eskuratu zuen, eta bigarren Mutuberria gelditu zen. Baina Espainiako Gerra Zibila etorri eta hori guztia itzali egin zen. 1960 arte ez zen beste bertsolari txapelketarik jokatu.[1]

Erreferentziak

  1. a b c d Arrizurieta, Irene. Antxitonea trinketearen zaharberritzea. Nafarkaria, 1999ko ekainak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).
  2. Antxitonea. antxitonea.com (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).
  3. Arotzena, Aitor. Francisco Urrutia: "Edozein ekitaldi egiteko ateak zabalik izanen ditu Antxitoneak". Ttipi-ttapa, 2009ko irailak 7, CC BY-SA 3.0, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).
  4. Millox, Jean-Baptiste. Elizondoko partida. Herria, 676. zenbakia, 1963, armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).
  5. Diez de Ultzurrun, Enrike. «Trinketik? Antxitonea, doike!». Nafarkaria, 1994ko martxoak 18, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-28).
  6. Sagues, Manuel. Antxitonea. Diario de Noticias, 2013ko azaroak 17, es.calameo.com (Noiz kontsultatua: 2020-8-28).
  7. Antxitonea trinketeak 100. urtemuga ospatu zuen azaroaren 20an. Ttipi-ttapa, 1994ko abenduak 1, erran.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2020-8-28).

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!