Antigorputz antinuklearrak edo ANA (ingelesetik, Antinuclear Antibodies) zelula nukleoan dauden proteinen aurka jarduten duten autoantigorputzak dira. Kopuru txikietan daude gizaki guztiengan, baina beren kontzentrazioa nabarmen handituta dago hainbat gaixotasun autoimmune dituzten gizabanakoengan.
Autoantigorputzak oker jarduten duten antigorputzak dira: gorputzeko antigenoen aurka jotzen dute, antigeno arrotzak bailiran. Eraso horren ondorioz hantura prozesua abian jartzen dute, ehunak eta organoak kaltetuz, eta gaixotasun autoimmuneen sintoma kaltegarriak piztuz [1].
Antigorputz antinuklearren titulua 1:160 edo handiagoa baldin bada (hots, diluzio horretan edo handiago batean antigorputz horiek antzematen baldin badira) laginak patologia autoimmune batekin lotuta egoteko probabilitatea handia dela jotzen da. Hala ere, gizabanako gutxi batzuek ANAren kontzentrazio handia dute odolean inongo patologiarik garatu gabe [2].
Hainbat gaixotasun autoimmunetan agertzen dira antigorputz antinuklearrak titulu handietan: lupus eritematosoan, esklerosi anizkoitzean, artritis erreumatoidean, hepatitis autoimmunean, poliomiositisean.... [3].
DNAren aurkako antigorputzak antigorputz antinuklearren mota bat dira, zelula nukleoan dagoen DNAri eraso egiten diotenak. Lupus eritematosoa duten gaixoek antigorputz horiek dituzte kontzentrazio handietan.
Erreferentziak
- ↑ Anticuerpos antinucleares (ANA) American College of Rheumatology
- ↑ Tan, EM; Feltkamp, TE; Smolen, JS; Butcher, B; Dawkins, R; Fritzler, MJ; Gordon, T; Hardin, JA; Kalden, JR; Lahita, RG; Maini, RN; McDougal, JS; Rothfield, NF; Smeenk, RJ; Takasaki, Y; Wiik, A; Wilson, MR; Koziol, JA (1997ko iraila) Range of antinuclear antibodies in “healthy” individuals Arthritis and Rheumatism. 40 (9): 1601–11.
- ↑ Prueba de anticuerpos antinucleares Medline Plus
Kanpo estekak