Ana Ramos Sarriugarte (Eibar, Gipuzkoa, 1973) gipuzkoar kirol kazetaria da. Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kirol albistegiak aurkeztu izan ditu Euskal Telebistan.
Bizitza eta ibilbidea
Eibartarra da baina Bilbon jaio zen, bere amak hor baitzuen medikua.[1] Kirol zaletasun handiko familia batean jaio zenː beti joaten ziren ziklo-krosa, txirrindularitza eta bestelako emanaldiak ikustera. Aita Eibarko bazkidea zen. Anak gaztetatik gustoko zuen kirola egitea, eta kazetaritza ikastea erabaki zuenean argi zuen ahal izanez gero kirol kazetaritzan arituko zela.[2]
Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1994 eta 1997 bitartean Euskaldunon Egunkarian ibili zen lanean, kirol albisteak idazten. 1995ean Euskal Telebistako kirol erredakzioan sartu zen bekadun. Telebistan egin zuen lehen saioetako bat Txapelboom saioa izan zen, ETB 1en, 1997an.[3] Zazpi urtez Osasuna taldeari buruzko albisteak emateaz arduratu zen Euskal Telebistaren bi kateetan.
2007an ETB 2ko Teleberri albistegietako kirol tartea aurkezten hasi zen, eta bi urtez iraun zuen bertan. 2009-2010 denboraldian ETB 1era igaro zen, Gaur egun albistegietako kirol tartea aurkeztera. 2015 urteaz geroztik Gaur Egun Kirolak albistegia aurkeztu izan du.[4] 2016-2017 denboraldian Oreka saioa aurkeztu zuen, emakumeen kirola bultzatzea helburu zuena, eta Ahoz aho saioan ere kolaboratu zuen kirolei buruz hizketan. 2019-2020 denboraldian Helmuga kirol saioa aurkezten hasi zen, egunerokoan tarte gutxi izaten duten kirol zein kirolariei buruzkoa.[5][6] 2020-2021 denboralditik aurrera Gaur Egun Kirolak albistegian editore lanak ere egiten ditu.
Uribe Kosta eskualdeko Hiruka aldizkarian kolaboratu izan du, kirolen atalean, "Galtza motzetan" izeneko zutabeak idatziz.[7]
Bizitza pertsonala
Gaur egun Algortan bizi da, Getxon.[8] Jon Elortza kazetariarekin ezkonduta dago.[9] 2008an Eibarko Bakailoaren Kofradiak ohorezko kofradiakide izendatu zuen.[10] 2017an Gure Esku Dagok antolatutako herri galdeketan parte hartzera deitu zuen.[11][12]
Lanak
- Txapelboom (1997)
- Teleberri Kirolak (2007-2009)
- Gaur Egun Kirolak (2009-2021)
- Ahoz aho
- Oreka
- Helmuga (2019-2021)
Erreferentziak