Ana Mari Elizondoko Paularena etxean jaio zen, 1933ko abuztuaren 13an. Gurasoak, Julia Gutiérrez donostiarra eta Blas Marin baztandarra izan zituen. Aita Baztango alkatea izan zen errepublika garaian. Hiru urte zituela Frantziara exiliatu behar izan zuen familiarekin batera. Lehen eskola Frantzian ezagutu zuen, Donostian bigarrena.[1]
Margolari ibilbidea
Zazpi urterekin hasi zen margotzen, bolada bat ohean igaro behar izan zuenean, gaixo. 13 urte zituela, marrazketa ikasten hasi zen Mariló Lasheras Aguirre irakaslearekin. 1948. urtearen inguruan, familia berrelkartu zen Elizondon, eta ametsetako egonkortasuna lortu. Baztanekin elkartzea erabakigarria izan zen nerabezaroan, bizitzara zabaltzeko unean. Hantxe ezagutu zuen ustekabean Ismael Fidalgo Ana Mariren pinturarako bokazio piztu zuen bizkaitar margolaria.[1][2]
Harreman estua izan zuen beste artista batzuekin ere, hala nola Mentxu Gal margolari irundarrarekin, zeinarengandik eragin handia jaso zuen, Agustín Ibarrolarekin, edo Jorge Oteizarekin, haren "aita espiritualtzat" jotzen zuena.[3]
Osasunak utzi zion bitartean margotu zuen; denbora asko ematen zuen estudioan, ia egunero aritzen zen hainbat orduz. Haren pintura espresionista eta bitalista da; haren hitzetan, bere izaera bezalakoa. Kolore biziak erabiltzen zituen, eta olioa eta akuarela, batik bat. Zenbait kritikariren arabera, haren obra "ordenatua, harmoniatsua, arina, freskoa eta intimoa" da.[4]
Aitzindaria
Baztanen prakak jantzi zituen lehen emakumea izan zen. Baztango lehen emakumezko zinegotzia eta Elizondoko lehen zinpeko alkatea ere izan zen.[5]
Ekintzailea
Etxekoengandik musikarekiko zaletasuna jaso zuen, eta Elizondoko Abesbatzen Elkarteko kide izan zen hainbat urtez. Baztandarren Biltzarraren sorrera ere sustatu zuen, 1963an. Bailararekiko loturak eta kezkak bultzatu zuen politikagintzan ere aritzera: 1967an udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta Baztango Udaleko zinegotzi izan zen 1967 eta 1974 artean, eta, ondoren, zinpeko alkate, 1975etik 1977ra.[4]
Medicos Mundi eta Unicef erakundeak lagundu zituen eta alkolemiaren kontrako kanpainak bultzatu zituen. [6]
Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko ohorezko lehendakaria eta Kaliforniako Western Range Association elkarteko 'ohorezko kidea' ere izan zen, Estatu Batuetara artzain joan behar zuten gazteekin egindako lanagatik eta laguntzagatik.[7]
87 urterekin zendu zen, Iruñean, gaixotasun luze batengatik ospitaleratuta zegoela.
Erakusketak
1956an egin zuen lehen erakusketa, 21 urte zituela, Iruñeko Aurrezki Kutxaren García Castañón aretoan