Ad-Dhahiriya, Al Dhirie, az-Zahiriya, al-Thahriyeh edo Dahariyeh ere esaten zaiona: (arabieraz: الظاهرية), Hebrongo Gobernazioan dagoen hiria da, Hebron hiritik 21 kilometro hego-mendebaldera, Zisjordaniako hegoaldean.[1][2] Palestinako Estatistiken Bulego Nagusiaren arabera, ad-Dhahiriia-k 41.541 biztanle inguru zituen 2023. urtearen erdialdean.[3]
Etimologia
Ad-Dhahiriya izena "Dhoher" kanaandar hitzetik erator liteke, "postua" esan nahi baitu, Egipto eta Siria lotzen zituen merkataritza-bidean tarteko hiria zelako. Beste aukera bat arabieratik eratortzea litzateke, "al Thaher" hitzetik, hots, “muino garaia”.[2]
Geografia
Ad-Dhahiriya itsas mailatik 632 metroko altueran dago. Urteko batez besteko prezipitazioa 337 milimetrokoa da. Urteko batez besteko tenperatura 19 gradukoa da, eta batez besteko hezetasuna % 59.4 ingurukoa[2].
Historia
Udalaren informazioaren arabera, ad-Dhahiriya Kanaango hiri garrantzitsua izan zen, gutxi gorabehera K. a. V. bosgarren milurtekoan sortu zena, eta garrantzia hartu zuen, Egipto eta Siria arteko merkataritza-ibilbidearen erdian kokatu baitzen.[2]
Claude Reigner Conder-ek eta Horatio Herbert Kitchener euren ikerketa ezagunean adierazi zutenez, kobazuloz beterik aurkitu zuten herria, seguruenik, Itun Zaharrean aipatzen den Debir antzinako hiria dela uste zuten.[4] Britaniar ingeniari militar horien esanetan, Ad-Dhahiriya erdian bazegoen gurutzaden aurrekoa ematen zuen dorre bat, agian garai kristau goiztiarrekoa edo erromatar garaikoa.[5]
Arkeologiaren bidez berretsi den tokiko tradizioaren arabera, Dhahiriya Baibars agintari mamelukoak (“†1277”) fundatu zuen.[6]
Otomandar aldia
1856an, Horatius Bonar elizgizon eskoziarrak herria eta gaztelu desitxuratua deskribatu zituen: "Bat-batean, espero ez genuen haitzarteko bihurgune batean, lasaitu egin ginen, gaztelu zaharra harkaitz garaien gainean ikustean, ilunabarrean; herri txiroa, zerbaiten zain dagoela ematen duena, bere txabola karratuak eta horiak dituela, bere dorreak bere itxura hobetzen laguntzen du. Puntu horretatik, dena baino ausartagoa eta garrantzitsuagoa dirudi; ez da El-Aujehn dagoena bezain isolatua, duela egun batzuk bidean utzi genuena, hain zuzen, baina harkaitz malkartsu haren gainean ondo kokatuta dago. Ekialdeko gaztelu gehienek eta iparraldeko mugako "maskor" gehienek bezala, egun hobeak ikusi ditu eta une jakin batean erromatarren, gurutzatuen edo turkoen bastioi duina izan zen…"[7]
1863an, Victor Guérin esploratzaile frantziarra eskualdea bisitatu zuen, eta konturatu zen gizon askok ihes egin zutela zerbitzu militarra saihesteko, gehienak hegoalderantz, oihal-etxolekin. Era berean, eraikin baten berri eman zuen, harri mota ederraz egina. Hamasei urratseko zabalera zuen eta ganga-formako zenbait areto zituen, eta herriko xeke baten etxea zen.
Herriko beste etxe partikular asko eraikin zaharretako material onez eginda zeuden; batzuk erromatarren garaikoak ziruditen, eraikin osoa edo egituraren behealdea bakarrik[8].
Otomandar herrixken zerrenda bat batek ,adierazten zuen 1870. urtearen inguruan, ad-Dhahiriyan 57 etxe zeudela eta bertan 206 pertsona bizi zirela, nahiz eta zerrendan 1870eko gizonezkoak bakarrik zeuden[9].
Palestina Mendebaldea Esploratzeko Funtsa azterlanaren arabera, 1874an herriak 300 edo 400 biztanle artean zituen. Hiru urte geroago, hustuta zegoen, "arabiarrek fellahinen[oh 1] herrialdean egindako intrusioagatik"[10].
Palestinako Britainiar Mandatua
Palestinako Agintaldi Britainiarreko agintariek 1922an egindako Palestinako zentsuan, ad-Dhahiriyak (AI Dahriyeh) 2.266 biztanle zituen, eta 1931an handitu egin zen, 2.930 biztanle baitziren, 603 etxetan bizi zirenak. Bi erroldetan, denak musulmanak ziren[11][12].
Bbiztanleria hazten jarraitu zuen 1945era arte, 3.760 biztanle erregistratu ziren arte; denak musulman, 60.585 dunam[oh 2]lurren (60,585 kilometro karratu) jabe zirenak, lur- eta biztanle-azterketa ofizial baten arabera. Horietatik, 166 dunam hainbat landaketetarako eta ureztatze-lurretarako erabiltzen ziren; 54.205 laboretarako eta 284 dunam lursail urbanizatuak ziren[13].
Jordaniar okupazioa
1948ko arabiar-israeldar gerraren eta 1949ko armistizio-akordioen ondoren, ad-Dhahiriya jordaniar okupazio-erregimenaren pean geratu zen. Lehen udal kontseilua 1963an ezarri zen.
Israeldar okupazioa
1967ko Sei Eguneko Gerratik, ad-Dhahiriya okupazio israeldarraren pean egon da. 1967ko erroldan 4.875 biztanle zeuden.
1996an, Palestinako Agintaritza Nazionalak udal-talde bat izendatu zuen udalerria gobernatzeko, eta 2004an 13 kideko kontseilu bat aukeratu zen. Udalak 49 udal-langile soldatapean zituen. 2 Bigarren Intifadaren aurretik, Israelgo administrazioak 30.000 dunam (30 kilometro karratu) konfiskatu zituen ad-Dhahiriya udal-lursailetik[14].
Basemah Musa Mutawe'a Qeysiya, 35 urteko ad-Dhahiriya emakume bat, 2002ko apirilaren 17an hil zen Israelgo armadaren tiroengatik. Etxeratze agindua ezarria zegoenena, etxetik atera zen kandelak erosteko eta une horretan tiro egin zioten. 2005 arte beste bost zibil hil ditu Israelek, herri honetan jaioak edo bertan bizi zirenak.
Giza Gaiak Koordinatzeko NBEren Bulegoaren (OCHA) arabera, 2005eko apirilaren 14an, Israelgo armadak herrirako sarrera itxi zuen bertan lur piloa eraikiz, eta inguruko palestinar guztiak Durandik bidaiatzera behartu zituen.
Geografia
Ad-Dhahiriya muino batzuen gainean dago, Hebrondik 21 kilometrora, itsas mailatik 655 metrora. Guztira 98.000 dunam ditu (98 Km2); horietatik 16.000 hiri lurrak dira, 38.500 nekazaritza lurrak eta beste 30.000 Israelgo estatuak konfiskatu ditu. Nekazaritzako lurren barruan, 4.383 dunam fruta-arbolen laborantzan aritzen dira, 452 barazkietan eta 17.455 labora-uztetan. 402 baino ez dira jabari publikokoak, eta gainerakoak esku pribatuetan daude.
Ekialderantz As Samu; Rabud herria mugakide du, Abu 'Asja, Kurza, al-Bireh eta Dura iparraldean, ar Ramadin mendebaldean eta 1949ko armistizioaren lerro berdea hegoaldean. Urtean 39,4 mm prezipitazio ditu batez beste, 19º tenperatura eta hezetasun erlatiboa %59,4 da.
Palestinako Estatistika Bulego Zentralaren arabera, 2007an, 10 urtetik gorako biztanleriaren % 90,8 gutxi gorabehera alfabetatua zen, eta analfabetoen artean, % 71,6 emakumezkoak ziren. Urte berean, 8.268 ikasle eta 305 irakasle zeuden herrian[2].
Gaur egun, lehen eta bigarren hezkuntzako 18 eskola daude Ad-Dhahiriyan, 17 publiko eta pribatu bat. Eskola horietatik zortzi mutilenak dira, bederatzi neskenak eta bat mistoa. Gainera, badago sei haurtzaindegi pribatu[2].
↑Fellah arabierazko hitza da nekazaria adierazteko Ekialde Hurbilean eta Ipar Afrikan.
↑Turkiar jatorriko eta zehaztasunik gabeko neurri bat da; egun batean gizon batek landu zezakeen lur saila zen. Gaur egun, neurri zehatz batzuk ematen zaizkio herrialdearen arabera. Israelen, Jordanian, Libanon, Turkian eta Palestinan 1000 m²ko balioa ematen zaio.
Barron, J. B., arg. (1923). Palestine: Report and General Abstracts of the Census of 1922. Palestinako Gobernua.
Bonar, Horatius (1858). The land of promise; notes of a Spring-journey from Beersheba to Sidon. New York: R.' Carter & Brothers.'
Conder, Claude Reignier; Kirchener, H. (1883). The Survey of Western Palestine: Memoirs of the Topography, Orography, Hydrography, eta Archaeology. 3. London: Palestina Esploratzeko Funtsa. (+ dokumentu bereziak, 36. or.)
Estatistika Saila (1945). Village Statistics, April, 1945. Palestinako Gobernua.
Hadawi, Sami (1970). Village Statistics of 1945: A Classification of Land and Area ownership in Palestine. Palestine Liberation Organization Research Center.
Pringle, Denys (1997). Sekular buildings in the Crusader Kingdom of Jerusalem: an archaeological Gazetter. Cambridge University Press. ISBN 0521 46010 7.
Rajab, Jehan S. (1989). Palestinian Costume, Londres: Kegan Paul International. ISBN 0-7103-0283-5. Kuwaiteko Rajab bildumako Ad-Dhahiriya-ren jantzi harrigarriak ditu.