1984ko Udako Olinpiar Jokoak, bigarren aldiz, Los Angelesen antolatu ziren, 1932an bezalaxe. Udako Olinpiar Jokoen XXIII. edizioa izan zen. Bertan, 140 herrialdetako 6.797 kirolarik parte hartu zuten, 23 kirol eta 221 probatan.
Parte hartzeari uko egin zioten herrialdeak 14 baino izan ez ziren arren, azpimarragarria izan zen domina kopuruen zerrendan goian egoten ziren herrialdeen falta, SESB bera edo Ekialdeko Alemania eta Bulgaria kasu. Izan ere, 1976ko Montrealgo jokoetan, boikota egin zuten herrialdeek urrezko dominen % 58 irabazi zuten. Aldiz, Los Angeleseko jokootan, Errumaniak bere historiako domina gehien lortu zituen.
Olinpiar Jokoen aro berria
1976ko Montrealgo Udako Olinpiar Jokoetan dirua galdu zela jakin ondoren, hiri bakar bat ere ez zen aurkeztu 1984ko jokoetako hautagai bezala. Hori Olinpiar Jokoen etorkizunerako mehatxutzat ikusi zen. Los Angelesek1980ko jokoetarako hautagaitza aurkeztu zuena eta 1978an, 1984koetarako hautagaitza berritu zuena, Amerikar Komitearekin batera, Olinpiar Jokoei, dirua irabazarazi zien plan bat egin zuten. Olinpiar Jokoetan etekin ekonomikoa lortu zuen lehen hiria izan zen, eta ondorengo hiri antolatzaileentzako eredua. Montrealgo modua guztiz aurkakoa zen. Los Angelesek jada zituen pabiloi eta estadioak erabili zituen, eta konpainien funtsak erabili zituen Jokoak antolatzeko, baita soilik bi toki berri eraikitzeko ere, bata txirrindularientzat, eta bestea, igerileku olinpiko berria. Hiriak 200 milioi dolarreko etekina lortu zuen.
Carl Lewis (AEB) Jokoen historian sartu zen, 48 urte lehenago, Jesse Owensek eginikoa berdinduz. Lau urrezko domina irabazi zituen 100, 200, 4x100 erreleboak eta luzera jauzi probetan.
400 metro hesietan, hasieratik amaierara lasterketaren buru, Nawal El Moutawakel izan zen urrezko domina bat lortu zuen herrialde islamiar bateko lehen emakumea, baita lehen marokoarra ere.
Udako Olinpiar Jokoen historian lehen aldiz, emakumezkoen maratoia egin zen, Joan Beanoit estatubatuarrak irabazi zuena. Unerik larriena Gabrielle Andersen-Scheiss estadiora ahituta iritsi zenean gertatu zen. Probako medikuek segitzen utzi zioten eta azken itzulia bost minutuan egin zuen, baina helmuga igaro ondoren, lurrera erori.
Igeriketa
Gizonezkoen igeriketan, ez zen izar azpimarragarririk egon, baina Michael Gross alemaniarra, Albatrosa ezizenaz ezaguna, nabarmendu zen, bi urrezko domina irabazi baitzituen 100 metro estilo librean eta 100 metro tximeleta estiloan, eta beste bi zilarrezko 200 metro tximeleta estiloan eta 4x200 erreleboetan.
Rick Carey estatubatuarrak irabazi zituen bizkar estiloko bi probak, eta Alex Baumann kanadarrak estiloetako proban beste hainbeste egin zuen.
Emakumezkoen artean, hoberena Mary T. Meagher izan zen, hiru urrezko domina irabazita, 100 eta 200 metro tximeleta estiloan eta 4x100 estiloetako erreleboan.
Beste kirol batzuk
Gizonezkoen gimnasia artistikoan, banakako txapelduna Koji Gushiken japoniarra izan zen, Peter Vidmar estatubatuarra eta Li Ning txinatarra garaituz. AEBek taldekako proban irabazi zuten.
Emakumezkoetan taldekako garaipena Errumaniarentzat izan zen, baina jokoetako erregina etxeko Mary Lou Retton izan zen, Ekaterina Szabo eta Simona Pauca errumaniarrak garaitu baitzituen.
Boxeoan, AEBek hamabi mailetatik 9tan irabazi zuten. Tyrrell Biggsek irabazi zuen pisu astunetako urrea. Evander Holyfieldek —handik urte batzuetara, pisu astunen txapelduna izan zen— brontzea eskuratu zuen 75-81 kilokoen mailan.
Boleibolean, ezusteko handiak egon ziren, Txina eta AEBak pixkanaka-pixkanaka kirol horretako potentzia tradizionalak garaitzen joan baitziren, sobietar taldeen faltak lagundurik, lehenak gizonezkoetan eta bigarrenak emakumezkoetan urrea irabazita.
Sobietar boikota
Gorriz eta laranjaz, Los Angeleseko Jokoak boikoteatu zituzten herrialdeak.
1980ko Moskuko Udako Olinpiar JokoeiAEBek egin zien boikotari erantzun gisa, Ekialdeko Blokeko herrialdeek, Errumania izan ezik, beste 8 herrialde sozialista aliaturekin batera, beste hainbeste egin zuten Los Angelesekoekin. Sobietar Batasunak boikota sustatu zuen, bere kirolarientzako berme handirik ez zegoela argudiatuz eta bere erabakia maiatzaren 8an iragarri zuen, jokoak hasi baino bi hilabete inguru lehenago.